XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Isilik itxoin zuten.

- Zer ari da esaten?- galdetu zuen amerikarrak.

Leamasek ez zuen erantzun.

Binokular pare bat hartuz, Ekialdeko alemaniarren kontrolei begira geratu zen.

- Bukatu dute dokumentuen azterketa.

Bigarren kontrolean onartu dute.

- Mr Leamas, hori al da zure gizona?- esan zuen berriro amerikarrak.

Agentziara deitu beharko nuke.

- Itxoin.

- Non da orain autoa? Zertan ari da?.

- Diru kontrola, aduana - erantzun zuen zakar Leamasek.

Autoari begira zegoen Leamas.

Bi vopo zeuden gidariaren ate ondoan, bata hizketan, zutik bestea, zain.

Hirugarren bat autoaren inguruan zebilen.

Portaekipai ondoan gelditu zen piska batean, eta gidariarengana itzuli zen.

Giltza nahi zuen.

Portaekipaia ireki zuen, barruan begiratu, itxi, giltza itzuli, eta hogeitamar bat metro egin zituen Ekialdeko begirale alemaniar bakarti bat zegoen lekurantz, silueta makurtua, bota eta praka zabalekin.

Elkarrekin hizketan egon ziren biak, fokoen argitan zeudela ondo jakinik.

Keinu mekaniko batez aurrerantzeko seinalea egin zioten autoari.

Autoa bide erdian zeuden begiraleengana heldu eta gelditu egin zen berriro.

Begiraleak, autoaren inguruan ibili ondoren, aldendu eta hizketan hasi ziren berriro; azkenean, gogoz kontra ia, muga zeharkatu eta Mendebalde aldera joaten utzi zioten.

- Espero duzun gizona al da, Mr Leamas?- galdetu zuen amerikarrak.

- Bai, bera da.

Jakaren lepoa jasoz, urriko haize izoztura atera zen Leamas.

Jendea gogoratu zitzaion orduan.